SORRERA
............................................................................................................

Hizkuntz Eskubideen Behatokia Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatu eta bideratu duen fundazioa da. Euskararen lurralde batzuetan hizkuntza-eskubideen bermean atzera-pausoak ematen zirela eta beste batzuetan behar bezalako aurrera-pausoak ematen ez zirela ohartu zen Kontseilua eta, beraz, egoeraren diagnosi objektiboa egingo zuen erakunde independente baten beharra zegoela ikusi zuen. Horrela, 2001eko ekainaren 26an aurkeztu zen jendaurrean Iruñean, euskalgintzako eta eragile sindikaletako hainbat ordezkariren babespean.

XEDEA
............................................................................................................

Behatokia Euskal Herriko herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein pribatuan, babestera zuzentzen du bere jarduera.

Izan ere, Euskal Herrian, hizkuntza dela eta, ez dago herritar guztientzat aukera berdintasunik. Euskarak, Euskal Herriko berezko hizkuntzak, ez du status ofizialik Euskal Herri osoan eta euskal hiztunek egunero dituzte ukatuak beren hizkuntza-eskubideak.

Behatokiak, horren aurrean,

  • Euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak babestu eta defendatu ez ezik, urratzen direnean salatu ere egiten ditu.
  • Euskal Herrian euskaraz mintzatzeko, administrazioari zuzendu eta administraziotik zerbitzuak hartzeko (osasuna, hezkuntza, justizia, informazioa zein beste edozein zerbitzu), bai eta orokorrean gizarteak eskaintzen dituen aukerez euskaraz baliatzeko euskal hiztunek dituzten aukerak bermatzea du xede.

ILDOAK
............................................................................................................

  • Herritarren kexak hartzen ditu Euskal Herrian euskara erabiltzeko eskubidea ez bazaie errespetatu, ukatu bazaie edo euskaraz egiteagatik kaltetuak izan badira.
  • Kexak bideratzen ditu erakunde publiko zein pribatuen aurrean eta, beharrezkoa denean, bide judizialera ere jotzen du.
  • Hizkuntza-eskubideen betetze egoeraren azterketak eta txostenak egiten ditu eta horiek euskal gizarteari, Euskal Herriko administrazio erakundeei bai eta nazioartekoei ere aurkezten dizkie, euskal hiztunen hizkuntza-bazterkeriaren berri eman eta erabiltzen diren oinarrizko eskubideak errespetarazteko.
  • Hizkuntza-eskubideen edukiak zabaltzen ditu eta bertako hizkuntza erabili eta gizarte arlo guztietan garatzeko Euskal Herriko gizarteak duen eskubide gisa defendatzen ditu.
  • Hizkuntza-eskubideekiko kontzientziatzea eta sentiberatzea lantzen ditu. Euskararen presentzia soziala eskakizun eta premia izan dadila nahi du, eta herritar erdaldunak sentiberatu nahi ditu hizkuntza-eskubideen oinarrizko izaeran.
  • Aldez aurreko lana egiten du eragin handiko tokietan euskararen presentzia soziala bermatzeko.

 

KOKAPENA
...........................................................................................................

Egoitza nagusia

Martzelo Zelaieta 75
U3 eraikina, 13. bulegoa
31014 Iruñea
Telefonoa: +34 948 146 172 Faxa: +34 948 123 743
behatokia@behatokia.org


Iparraldeko bulegoa

1, Arsenal plaza
64100 Baiona
Tel. eta faxa: +33 (0) 559594948